Joan den ekainaren 11n, Zumaiako Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarriaren (HMJP) Ekintza Planaren ekintzak lehenesteko tailerra egin zuen. Plan honek datozen bost urteetan udalerrian gauzatuko diren mugikortasun-neurriak zehazten ditu.

Helburua argia da: autoaren erabilera gutxitu eta garraio publikoa, bizikleta eta oinezkoen joan-etorriak sustatu eta erraztea. Hori guztia pertsona guztien inklusioa eta ongizatea kontuan hartuta.

Planak 7 estrategia nagusi eta 18 ekintza zehatz jasotzen ditu. Ekintza Planaren laburpena jasotzen duen dokumentua jarraian erantsita dago. Bertan estrategia eta jarduera nagusien informazio grafikoa aurki daiteke.

Estrategia nagusiak hauek dira:

  • Alde Zaharrerako Proiektu Integrala.
  • Oinezkoen mugikortasun irisgarria eta inklusiboa.
  • Bizikletaren eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen mugikortasun segurua eta funtzionala.
  • Garraio publiko eraginkorra.
  • Ibilgailu pribatuaren erabilera antolatua eta ez-inbaditzailea.
  • Aparkalekuetarako eta salgaien banaketarako mugikortasun koordinatua.
  • Ingurumenaren kalitatea eta energia-aurrezpena.

Ekintza Plana diagnostiko parte-hartzaile baten emaitza izan da, eta jarraipen eta ebaluaziorako 44 adierazlez osatutako sistema ezarri da, aurrerapenak modu objektiboan neurtu ahal izateko.

Hurrengo urratsak:

Uztailaren 24an Plana udalbatzaren osoko bilkuran aurkeztuko da, hasierako onarpena jasotzeko. Ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez irailaren bukaerara arteko epea zabalduko da alegazioak eta ekarpenak egiteko.

Epe horretan, herritarrek eta interesa duten eragileek beren iritziak, proposamenak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Jasotako ekarpenekin, Planaren behin betiko bertsioa osatuko da.

Deskargatu aurkezpena